Abesbatzek eta orkestrek jarriko diote musika San Zezilia egunari

2012/11/21

DEIA-I.A.|

Gaur hasiko dira musikarien patroia omentzeko ekitaldiak zenbait herritan. Horrela, Bermeon, 18:00etik aurrera arituko dira koro txikia eta txistulariak Musikalean izeneko ekimenean, Musika Eskolako plazan hasita. Bihar, Santa Zezilia egunean, Bermeoko Abesbatzak kalejira kantatua egingo du 20:00etik aurrera.

Gernikan ere, gaur hasiko dituzte ekimenak, Lizeoan -19:30ean- hari, biolontxelo eta gitarra orkestrek eta sei urteko ikasleen abesbatzak eta musika bandak eskainiko dituzten saioekin. Bihar, Musikalean ekimenaren barruan, Segundo Olaeta Musika Eskolako K1, K2 eta K3 koruetako ikasleak eta trikitilariak, txistulariak eta akordeoilariak arituko dira Iparragirreren eskulturaren inguruan 17:00etatik aurrera.

Markinak ostiralerako utzi ditu ekimenak, Emeki koralaren kalez kaleko saioarekin, 20:00etan. Larunbatean, ohiko emanaldia eskainiko dute Xemein Gazte Ahots eta helduen Abesbatzek, eta musika bandak, 19:30ean, Kontzejupean.