Abenduaren 10era arte eman daiteke izena Euskal Surf Zirkuituko Mundakako proban

2013/12/03

BUSTURIALDEKO HITZA|

Abenduaren 13an, 14an eta 15ean; abenduaren 20an, 21ean eta 22an edo 27an, 28an eta 29an jokatuko da Monster Euskal Surf Zirkuituko azken proba, Busturialdeko herrian. Domekan zabaldu zuten izena emateko epea, eta hilaren 10a izango da horretarako azken eguna. Euskal Herriko Surf Federazioko (EHSF) telefonora deitu behar da. Ordainagiria ere EHSFra bidali beharko da, kontzeptuan izen-abizenak zehaztuta.

Gizonezkoetan, EHSF OPEN Zirkuiturako lehiaketa puntuagarria izango da Mundakakoa; emakumezkoena, aldiz, erakustaldia izango da, ez baita puntuagarria izango EHSFren sailkapenerako. Txapelketako formatuari dagokionez, kanporaketa piramidal sistema erabiliko dute: 4ko 12 txanda, 4ko 6 txanda, 3ko 4 txanda, 4ko 2 txanda, 2 txanda man to man eta finala man to man.

25 minutuko 27 txanda jokatuko dira, eta, beraz, 11-12 ordu iraungo ditu txapelketak. Bi edo hiru egunetan jokatuko dute.