8 MILIOI EURO BIDERATUKO DITUZTE GERNIKA-LUMON ENPRESA ETA BERRIKUNTZA ZENTRO BAT SORTZERA

2013/10/01

BUSTURIALDEKO HITZA|

 Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak egingo dituzten inbertsio esanguratsuenen artean dago Gernika-Lumon Enpresa eta Berrikuntza Zentro bat sortzearena. Horrez gain, metroaren 3. linea egiteko, Zamudioko Teknologia Parkea aeronautika eta automobilgintzako zentro berri bat egiteko zabaltzea eta URA eta Ur Partzuergoarekin obra hidrauliko batzuk egitea daukate aurreikusita bi erakundeek. Trenbide eta arrantza azpiegituretarako inbertsioak egitea, Euskotrenen material mugikorra berritzea, Sestaon etxebizitza batzuk sustatzea, BIOEF proiektua garatzea eta merkataritza eta turismo eta nekazaritza eta arrantza sektoreak sustatzeko programak egitea Eusko Jaurlaritzaren ardura izango dira.

“Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013ko ekitaldirako defizitaren marjina berria erakundeon artean partekatuta ekonomia suspertzeko jarduerak eta inbertsio-proiektuak garatzeko erakunde arteko hitzarmena” sinatu zuten atzo Iñigo Urkullu lehendakariak, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Javier de Andres Arabako Ahaldun Nagusiak eta Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak. Hitzarmen horri esker, ekitaldi honetarako gastu-ahalmena handiagoa izango dela azaldu du aldundiak, Eusko Jaurlaritzaren eta Gobernu Zentralaren artean defizita malgutzea itundu dutelako.

Ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko erabili beharko dute dirua, eta, gainera, aurreikusitako planak 2013. urtean gauzatu beharko dituzte. Hain zuzen, 180 milioi euro daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako, eta horietako  90 milioi euro dagozkio Bizkaiari. 63 milioi Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetarako izango dira, eta gainerako 27ak zuzenean kudeatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak.