62 KIDE ARI DIRA GERNIKA-LUMOKO 10. BERBALAGUN EGITASMOAN

2013/10/17

 

DEIA-I. Alberdi|

Hamabi taldetan banatuta, 62 mintzakide ari dira martxan Gernika-Lumoko Berbalagun egitasmoaren aurtengo edizioan. Eskaria dagoela eta Gurasolagun ekimena -Lehen Hezkuntzako ikasleen gurasoei begira- berritasun moduan edukiko duen ikasturtea hamargarrena izango da eta, horregatik, erakusketa berezia prestatuko dute azaroaren 25etik abenduaren 5era bitartean, bertan urte guzti hauetan ateratako kartel, argazki edota eskuorriak agertuz.

Ibilbide honetan sendotu egin da Gernika-Lumoko berbalagunen taldea, kopurua egonkor mantenduz. Parte hartzea zabalik dago, halere, edozein sasoitan izena emateko. “Bakoitzaren zaletasunak galdetzen dira, taldeak osatzeko, baina ordutegia izaten da gehien baldintzatzen duena”, azaldu dute arduradunek.

Taldeen helburua euskaltegitik kanpo euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzea da: kafea hartuz, paseatuz edo beste ekimenetan. Hilero mendi martxa egiten da, lehiaketak edota beste hainbat saio.