2012an Bermeok ia %3 jaistea lortu du etxeko sastar kopurua

2013/02/12

BUSTURIALDEKO HITZA|

Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailetik jakinarazi duten moduan, herrian sortzen den etxeko sastar kopurua jaisten doa gutxi gutxika. 2011. urtearekin alderatuta, 2012an %2,85 jaitsi zen bildutako sastar kopurua, hain zuzen be. 2000. urtetik egun arte, Bermeon gero eta sastar gutxiago sortzeko «joera argia» nabaritu du Ingurumen Sailak.

Berriki eskainitako datuon arabera, azken hamabi urteetan %23 jaitsi da etxeetan sortutako sastar kopurua. Horrek esan gura du, Ingurumen Sailetik adierazi legez, «urtean 1.112 tona sastar gutxiago sortzea lortu dugula; 2000. urtean 5.976 tona batzen baziren, 2012an 4.864 tona batu baitira».

Beherakadarik nabariena 2008. urtetik aurrera emon dela zehaztu dute, «hain justu, krisiaren hasierarekin batera», diote. Horrez gain, 2012an emon zen jaitsiera nabarmendu gura izan dute, ia %3 izan baitzen.

Sastar eta hondakin gutxiago sortzeko joera hori Bizkaia mailan be nabaritzen dela aipatu dute. Halanda be, Bermeoko jaitsiera nabarmenagoa izan dela jakinarazita, «bermeotar bakoitzak egunean 0,80 kilo sastar sortzen du, bizkaitarren batez bestekoa, aldiz, 0,82 kilokoa da».

Datuok seinale «ona» direla adierazi dute udaleko Ingurumen Sailetik, «horrek zabortegietara gero eta sastar gutxiago heltzen dela adierazten baitu».