188 etxebizitza berri jasotzen ditu Mundakako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren proiektuak

2013/12/09

BUSTURIALDEKO HITZA|

Osoko bilkuran aurkeztu, eta lehen onarpena jaso du Mundakako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) proiektuak. Herritarrei planaren berri emateko prozesua abiatu du orain udalak, eta, besteak beste, eskuorriak helaraziko ditu etxeetako buzoietara. Eskuorri horietan “plangintzaren lerro nagusiak” jasotzen dira. Behin hori eginda, 45 eguneko epea izango da helegiteak aurkezteko. Udalak dioenez, “antolamendu irizpideetan oinarritzen da proiektua: herrigunearen egitura osatzea, dauden industria eremuak finkatzea, eta dotazio eta ekipamendu maila hobetzea, besteak beste. Hiri lurzoruko finkatu gabeko etxebizitza eremuen antolamendu proposamena Itxasbegin, Basamortun, Geltoki-Mondullun, Txorrokopuntan, Errekan eta Larrinaga Jauregian kokatzen  da”. Hain justu, 188 etxebizitza berri aurreikusten dira, %36 tasatuak eta %64 araubide librekoak.

Proiektuan aurreikusitako etxebizitza erabilera 122.197 metro koadrokoa da, industria erabilera 126.198 metro koadrokoa, ekipamendu erabilera 23.459 metro koadrokoa eta espazio libreen erabilera 28.963koa. “Adibide gisa, udal kiroldegia handitzeko lursail bat prestatzea aurreikusten da”.

Bestetik, “dokumentuak irisgarritasuna azpimarratzen” duela azaldu du udalak, “autobus geltoki berri batekin eta aparkamendu kopurua gehituko duen eta barne komunikazioa hobetuko duen bide-ardatz berriarekin”. Zentzu horretan, “100 bat azaleko aparkaleku sortuko dira, planak aurreikusten dituen lur-azpiko aparkalekuei gehituz”.