1.600 IKASLE BATUKO DITU IKASTURTE AMAIERAKO JAIAK

2013/06/20

BUSTURIALDEKO HITZA|

Iritsi da ikasturteari agur esateko unea. Bihar Bermeoko ikastetxeetako ikasle gehienek oporrak hasiko dituzte, eta oporrak behar den moduan hasteko, Bermeoko Udaleko Kultura Sailak urtero egin legez, ikasturte amaierako jaia antolatu du beraientzat. 1.600 ume eta gazte inguru elkartuko direla jakinarazi dute. Jaialdi horren helburua “ikastetxe guztietako umeak ekintza batean elkartzea” dela adierazi dute kultura sailetik. Bestalde, bai irakasleak zein gurasoan jaian inplikatzearen garrantzia nabarmendu dute.

Iazko jaian, parte hartzaileak biribilketan

Lehenik eta behin, adin tarteka banatuta, ikasleek ekintza desberdinetan parte hartuko dute: pailazoak, dantzaldia, umeentzako parkea eta zirko gala izango dituzte, besteak beste. Ondoren, eguerdian, Sabino Arana enparantzan batuko dira guztiak. Bertan, ikasturtean zehar ikasleek egin dituzten idazlanen sari banaketa ekitaldia egingo dute. Ondoren, bertaratutako guztiek Goiko Plazatik Lameraraino kalejira egingo dute fanfarreagaz.

Arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara, umeentzako parkeak jarraituko du Lameran. Egun “polita” izango dela eta, kultura sailetik herritarrak animatu gura ditu jai horretan parte hartzera.