´EUSKARAREN BIHOZFERA´IZANGO DA 2014ko IBILALDIAREN LELOA

2013/06/10

BUSTURIALDEKO HITZA|

Gaur egin du Seber Altube ikastolak 2014ko Ibilaldiaren irudiaren eta leloaren aurkezpena. Jai giroan, hiru kalejirak zeharkatu dituzte herriko kaleak, Merkurio iturriaren inguruan alkarregaz bat egin arte. Ondoren, parte hartzaile guztiak batera joan dira Merkatu plazaraino, han egin baitute ekitaldi nagusia. Amaia Uribek eta Josu Goikoetxeak aurkeztu dute Bizkaiko ikastolen aldeko jaialdiak datorren urtean izango duen leloa: Euskararen Bihozfera. Urdaibaiko Biosfera Erreserbari aipamen egiten dio lemak eta irudian, zelan ez, bihotz bat ageri da.

Aurreikusitako orduan hasi da ekitaldia, irrintzilarien, txalapartarien, albokarien… laguntzagaz. Ostean, Oihane Enbeita eta Xabier Enbeitaren bertsoak entzun ahal izan dituzte Merkatu plazan batutakoek. Bertsolarien txanda amaituta, Amaia Uribe eta Josu Goikoetxeak hartu dute hitza, eta gehiago luzatu barik, 2014ko Ibilaldiaren irudiaren eta leloaren sorkuntza prozesuaren nondik norakoak azaltzen dituen bideoa aurkeztu dute.

Urdaibai Kantaguneko kideek alaitu dute ondoren Merkatu plaza, zenbait abestirekin, eta ostean Urdaibaiko herri guztietako ordezkariak igo dira oholtzara, banan-banan eta ikusleen txalo artean. Dantzaririk eta abeslaririk be ez da falta izan. Hori guztia zeinuen hizkuntzaz be jarraitu ahal izan da.

Helburuak

Gernika-Lumoko Seber Altube ikastola

Portugaleteko Asti-Leku ikastolaren eskutik hartu duSeber Altube ikastolak Bizkaiko ikastolen aldeko jaia antolatzeko lekukoa, zenbait helburu bete gura ditu datorren urteko Ibilaldiagaz. Jakinarazi dutenez, “Seber Altube ikastola txikia eta herrikoia da, baina eskualde osoko ikasleak hartzen ditu”. Hala, eskualdeko biztanle guztiak jaiaren parte senti daitezen da helburuetako bat. Nabarmendu dutenez, “Busturialde osoa bere euskalduntasunaz eta bertoko euskararen aberastasunaz harro senti dadin dugu helburu”. Euskaraz dakitenen zenbatekoa, esaterako, %80koa da eskualdean, eta azpieuskalkien aberastasuna be oso handia da.

Seber Altube ikastolaren “eraikina barrizteko baliabide ekonomikoak eskuratzea” da beste helburuetako bat. Izan be, ikastolaren zenbait gune nahiko zaharkituta daude, eta gune barri bat be eraiki gura dute Ibilaldian batutako diruagaz. Azaldu dutenez, leku faltan daude, ikasle asko baitituzte.

Amaitzeko, bigarren mailako helburuetako bat ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutaraztea izango da, Seber Altube baita curriculum propioa daukan ikastola bakarra.

2014koa Seber Altubek antolatuko duen bigarren Ibilaldia izango da. Hain zuzen, 1991n antolatu zuen lehenengoz Bizkaiko ikastolen jaia, San Fidel Ikastolagaz elkarlanean. Orduko hartan 30.000 lagun inguru batu ziren Ibilaldian; 2014an, baina, 100.000 pertsona inguru batzea aurreikusten dute antolatzaileek. Hala, Gernika-Lumora helduko den jende kopurua hirukoiztu egingo da. Busturialdeari dagokionez, bestalde, 2014koa laugarren Ibilaldia izango da. 1985ean eta 2010ean Bermeoko Eleizalde ikastolak antolatu zuen Bizkaiko ikastolen jaia.

Ikastolaren hastapenak 1966ko abuztuaren 30ean eratu zen Seber Altube ikastolaren lehenengo zuzendaritza batzordea, eta Parrokiako Gizarte Etxean emon zituen lehen eskolak Pili Alberdi andereñoak. Lehen ikasturtean hamabi ikasle batu zituen, eta gaueko lehen eskoletan 60 bat lagunek parte hartu zuten. Egun ikasle kopurua askoz handiagoa da, 47ko urteko jardunaren ostean, 700 ikasle inguru baitauzka Seber Altubek.